|
Duela 50 urte
bazirudien argi zegoela zer zen asteroidea eta zer kometa. Ezaugarri bereizgarriak
zituzten eta ongi mugatutako bi taldetan sailka zitezkeen. Kometak izotzezko
baloi zikinak ziren, eguzki-sistemaren mugan sortuak eta asteroideak,
berriz, Marte eta Jupiterren artean flotatzen zuten arrokak. Kometek era
askotako orbitak dituzte; asteroideek, berriz oso orbita eliptikoak, eta
planeten plano eta norabide berean orbitatzen dute Eguzkia. Baina azken
50 urteetan, asteroide eta kometa gehiago aurkitu diren heinean, kometa
gisa portatzen diren asteroideak eta asteroide gisa portatzen diren kometak
agertu dira. Eta, noski, definizioak berrikusi beste aukerarik ez dute
izan zientzialariek.
Kometen nukleoa deskribatzen
duen teoria ezagunena Fred Whipple astronomo estatubatuarrak osatu zuen
1950-51n. Whipplen
teoriak oso ongi deskribatzen zituen orduan ezagutzen ziren kometak, baita
haien portaera eta berezitasunak ere, eta urte askotan guztiz egiazkotzat
jo zen.
Whipplek izotzeko
baloi zikin bezala definitu zituen kometak. Haren arabera, metanoarekin,
amoniakoarekin, karbono dioxidoarekin eta hautsarekin nahasitako izotz-zatiek
osatzen zuten kometen nukleoa. Kometak Eguzkira gerturatzen zirenean,
azaleko izotza lurrindu egiten zen, hautsezko eta gasezko zorrotadak askatuz
eta kometek hain berezkoa duten isatsa osatuz. Kometa zahartu ahala, hautsa
kometaren orbita osoaren inguruan sakabanatuta geratuko litzateke, flotatzen,
eta Lurrak eskualde hori zeharkatzen duenean ozar-izarrak gertatuko lirateke.
Izatez, ozar-izar gehienak kometa jakin bati loturik gertatzen dira.
Asteroideak, berriz,
atmosferarik ez duten harkaitzezko gorputz txikiak dira. Handiena Zeres
da eta 930 kilometroko diametroa du. Giuseppe Piazzi italiarrak aurkitu
zuen 1801ean eta handiena izateaz gain, gizakiak behatutako lehen asteroidea
ere bada. Garai hartan, Marte eta Jupiterren artean hedatzen den hutsunean
planeta bat detektatu nahian ari zen astronomo-talde bat Berlinen, kalkulu
teorikoen arabera han planeta batek behar zuelako egon.
Baina Piazzi aitak
aurrea hartu zien eta Zeres asteroidea aurkitu zuen. 1802an Palas aurkitu
zen, bigarren handiena, 1804an Juno, 1807an Vesta eta 1854an Astrea. Geroztik
ia urtero aurkitu da eskualde hartan asteroide berriren bat, eta kilometroa
baino handiagoak diren 400.000 bat daudela kalkulatzen da. Dena dela,
Berlingo astronomoak ez zebiltzan erabat oker, asteroide-gerriko deritzon
eskualde horretan pilatutako asteroideak Jupiterren grabitate handiaren
eraginez eratzera iritsi ez zen planeta baten hondakinak direla uste baita.
Lehenengo
zalantzak
 |
| Izotzezko
esfera bat. |
Whipplerena teoria
argia eta sinplea zen. Kometak zer ziren eta nola zahartzen ziren argi
eta garbi azaltzen zuen, eta bazirudien kometen inguruko kezka eta hari-mutur
guztiak ongi lotzen zituela. Baina 1983an Whipplek berak hainbat kezka
agertu zituen.
Urte hartan infragorriekin
lan egiten zuen IRAS behatoki astronomikoak asteroide bitxi bat detektatu
zuen, 3200 Phaethon asteroidea. Orbita oso eszentrikoa zuen eta Geminidak
meteoro-lasterraren orbitarekin bat zetorren. Bitxikeria hura ongi aztertu
ondoren, 3200 Phaethon asteroidea hildako kometa bat izan zitekeela ondorioztatu
zuten astronomoek, eta bera zela urtero abenduan gertatzen den Geminidak
ozar-izarraren erantzulea. Orduan, kometak eta asteroideak kutxa desberdinetan
kokatzen zituen Whippleren teoria pitzatzen hasi zen. Eta pitzatzen jarraitu
zuen.
Urte batzuk lehenago,
1977an, Kowal-ek Kiron deskubritu zuen Jupiter eta Neptunoren orbiten
artean. Asteroide gisa sailkatu zuten eta hamar urtez ez zuen arazorik
eman. Baina 1988an, Eguzkira gerturatzen ari zen garaian, asteroide gisa
baino kometa gisa hasi zen jokatzen. Oso distiratsu bilakatu zen lehenik,
hautsezko atmosfera garatu zuen ondoren eta, 1990eko urtarrila aldera,
gas-emisioak detektatu zitzaizkion. Hots, Eguzkitik urrun asteroide gisa
portatzen bazen ere, Eguzkitik gertu kometaren ezaugarri guztiak bereganatu
zituen. Kiron asteroide eta kometa bezala sailkatu zen lehen objektua
izan zen eta, egun, 95P/Kiron kometa bezala edo (2060) Kiron asteroide
bezala ezagutzen da.
 |
| Shoenaker-Levy
kometa bi dozena zatitan puskatu zen 1992an Jupiterren albotik igaro
zenean. |
Kironez gain, beste
bi objektu sailkatu dira aldi berean asteroide eta kometa gisa. 107P/Wilson-Harrington
= (4015) Wilson-Harrington eta 133P/Elst-Pizarro = (7968) Elst-Pizarro.
Lehena asteroide gisa detektatu zen 1979an, baina kometa gisa 30 urte
lehenago; bigarrena, itxuraz Marte eta Jupiter bitartean dauden asteroideetako
bat bada ere, 1996an kometena bezalako isatsa garatu zuen.
Portaera
gurutzatuak
Orbita eta konposizioa
dira asteroideak eta kometak bereizteko funtsezko bi ezaugarriak. Baina
dagoeneko ez dute balio. Eguzki sistemako asteroide gehienak Marte eta
Jupiterren artean sortu zirela eta Eguzkia planeten plano eta norabide
berean orbitatzen dutela uste da. Kometa gehienek, berriz, eguzki-sistemaren
mugetatik harantzago dagoen Oort hodeian dute jatorria. 1950ean Jan Oort-ek
periodo luzeko orbita duten kometek denbora gehiena Oort hodei esferikoan
pasatzen zutela iradoki zuen.
Geroago,
Gerad Kuiperren lanek erakutsi zuten periodo luzeko kometak Neptunotik
harantzago dagoen eskualdean (Kuiperren gerrikoan) eratu zirela, eguzki-sistemako
kanpoaldeko hondakinetatik abiatuta, eta ondoren, planeta handien grabitatearen
eraginez, handik jaurtiak izan zirela, eguzki-sistematik kanpora erabat
edo Oort hodeira.
Oort hodeian milaka
milioi kometa daudela uste da eta, noizbehinka, eguzki-sistema aldera
jaurtiak izaten direla, handik igarotzen diren izar eta planeta handien
grabitateak eraginda.
Orduan, oso orbita
eszentrikoak eginez higitzen dira. Baina Oort hodeian dauden objektu guztiak
ez dira kometak. % 3 asteroideak izan omen daitezke, Jupiterren grabitateak
haraino jaurtiak, eta haiek ere orbita oso eszentrikoak egiten dituzte.
Bestalde, periodo laburreko orbitak dituzten kometak Jupiterren grabitatearen
eraginpean erori dira eta asteroideenak diruditen orbitak osatzen dituzte.
Beraz, orbitari bakarrik begiratuta ez dago zehatz bereizterik zer den
kometa eta zer asteroidea.
 |
| Lurrera
jausitako asteroide-zatia. |
Konposizioari dagokionez
ere zalantza bat baino gehiago dago. Batez ere, kometa eta asteroideen
dentsitateak kalkulatzeko aukera dagoenetik. Izan ere, kometak batik bat
izotza badira, nukleoaren dentsitatea 1g/cm3 ingurukoa izan behar lukete,
uraren dentsitate estandarretik gertu. Baina zenbait kometek oso dentsitate
txikiko nukleoak dituzte, nukleo trinkoa izan ordez, grabitateak justu-justu
elkarri lotuta mantentzen dituen zatiz osaturik baleude bezala. Shoenaker-Levy
kometa, esaterako, bi dozena zatitan puskatu zen 1992an Jupiterren albotik
igaro zenean, kometa trinkoa ez zen seinale. Izan ere, Jupiterrek eragin
ziezaiokeen indarra ahulegia zen izotzeko nukleo trinko bat zatitzeko.
Elkarrekin lotura
ahula duten zatiez osatutako kometak deskribatzeko hondakin-tontorraren
eredua erabiltzen da. Hondakin-tontor batek ez dauka ia barne tentsiorik,
oso porotsua da eta nukleoan dentsitate oso txikia du, aipatu kometen
gisan. Kometa horiek eguzki-sistemaren kanpoaldeko talken ondorioz sortu
zirela uste da, eta litekeena Lurretik gertu ibiltzen diren asteroide
asko antzinako dentsitate txikiko kometen zatiak izatea.
Kometa guztiak berdinak
ez diren bezala, asteroideak ere ez. Hiru taldetan banatzen dira. C motakoak
argi gutxien islatzen dutenak dira eta hidratatutako silikatoz, karbonoz
eta konposatu organikoz osatuta daude. S motakoek argi gehiago islatzen
dute eta piroxenoak (magnesio, burdina eta kaltziodun silikatoak), olibinoa
(magnesio eta burdindun silikatoa) eta nikel-burdinezko metalak eduki
ditzakete. M motakoak arraroagoak dira eta nikel-burdinezko zein magnesio
eta burdinezko silikatoek osatzen dituzte.
 |
| Asteroideak
ikertzeko, ereduak erabiltzen dira. Irudian Veste asteridearen erliebea
koloretan adierazia. |
C motako asteroide
gehienak asteroide-gerrikoaren kanpoaldean daude eta S motakoak, berriz,
barnealdean. Ustez, C motakoak primitiboenak dira. Ez dute banaketa kimikorik
erakusten, hau da, osagaiak ez daude Lurrean bezala geruzatan banaturik.
Horregatik, inoiz ez direla berotu uste da, bestela, Lurrean eta S motako
asteroideetan gertatu den bezala, mineralak geruzatan banatuta izango
bailituzkete.
Asteroideek dentsitate-sorta
zabala izan dezakete. Oro har, C motakoak arinagoak dira S motakoak baino,
baina ikusi da kometak bezalako hondakin-tontorrak porotsuak
izan daitezkeela edo nukleo solidoa izan dezaketela. Horrez gain, 1998an
Texasen erori zen asteroide zati batek eguzki-sistema bezain zaharrak
ziren gatzezko kristalak zituela ikusi dute ikertzaileek. Kristalak asteroidearen
gaztaroan gatzdun kometa batekin izandako talkaren arrastoak izan ezean,
asteroideak noizbait bere egituran ura izan zuela adieraz dezake horrek.
Beraz, kometetan bakarrik ez, asteroideetan ere ura egon daiteke.
Hori guztia ikusita,
argi dago kometa eta asteroideek uste baino antzekotasun gehiago dituztela
eta ezin direla bi kutxa desberdin eta independentetan sailkatu: familia
handiago baten parte dira, eguzki-sistemako gorputz txikien familiako
parte.
Iraganaren
erakusleak
 |
| Europako
Espazio Agentziak 2003an bidaliko duen Rossetta zundaren irudikapena.
|
Gorputz txiki horiek
eguzki-sistemaren iraganaren giltza eduki dezakete. Izan ere, eguzki-sistemarekin
batera eratu zirela uste da, duela 4.600 milioi urte eta eguzki-sistemarekin
batera sortu zirelako, eta planeten eraketan zeregin garrantzitsua izan
zutelako oso interesgarriak dira. Asteroideak eta kometak ikertuta, Lurraren
eta eguzki-sistemaren eraketa-prozesuak argiago ezagut daitezkeelako.
Horiek ikertzea ez
da erraza, ordea. Asteroideen kasuan, harkaitzezkoak direlako eta Lurreko
atmosfera zeharkatzeko gai direlako, askoren zatiak laborategietan aztertu
ahal izan dira. Kometak, berriz, izotzezkoak izaki, ozar-izar ikusgarriak
eratu bai baina apenas uzten dute ebidentziarik Lurrean. Hala ere, 80ko
hamarkadaz gero, asteroideak eta kometak gertuagotik aztertzeko hainbat
misio jarri dituzte martxan munduko espazio-agentziek.
Orain dela gutxi Eros
asteroidean pausatu zen NEAR zunda egon zen guztien ahotan. Bi urte barru,
Europako Espazio Agentziak (ESA) Rossetta zunda bidaliko du Jupiter
aldera, han dagoen 46P/Wirtanen kometaren erradiografia egin dezan. 9
urteko bidaia egingo du haraino ailegatzeko eta, ondoren, bi urtez ibiliko
da kometaren inguruan biraka.
|