|
John Scott Russell
ingeniari eskoziarrak Edinburgo inguruko kanal batean eginiko behaketak
(1835) hartzen dira uhin bakartiaren lehen deskribapen idatzitzat. Kasu
horretan, sakonera gutxiko kanaletan sorturiko uhina zen; eitea eta abiadura
aldaketa barik mantentzen zuen itxuraz, baina abiada handiz hedatzen zen
denbora-tarte oso luzean. Gertaera laborategian errepikatzeko gauza izan
zen Russell eta uhinaren abiadura, altuera eta zabalera erlazionatuta
zeudela ikusi zuen: altuera handiagorako abiadura ere handiagoa, baina
zabalera txikiagoa.
60 urte pasa behar
izan zuten eredu matematiko egokia aurkitzeko. Stokes (1847), Boussinesq
(1872) eta Rayleig-en (1876) oinarrizko ekarpenen ondotik, Korteweg eta
de Vries-ek (1895) beraien izena daraman ekuazioa proposatu zuten:
(1)
ht + (c0 + c1h) hx + nhxxx = 0.
h(x,t) funtzioak fluidoaren
altuera x puntuan eta t denboran oreka-egoeratik zenbat desbideratu den
neurtzen du. Problemaren konstante fisikoak c0, c1 eta n dira. Erraz ikusten
da (2)funtzioak (1) ekuazioaren ebazpenak direla, a>0 edozein delarik,
Russell-en behaketak egiaztatuz. Aipaturiko uhin bakartiaren existentzia
oreka zehatz baten eragina da, hirugarren deribatua daraman gaiak sortzen
duen dispertsioa eta elkarrekintza ez-linealak eragindako talka edo kontzentrazioaren
artekoa, hain zuzen.
Mende honen bigarren
erdian, Kruskal eta Zabusky-k (1965) KdV ekuazioa (honela deitzen baita
(1) ekuazioa) lortu zuten elkarrekintza ez-lineal ahula duen N malgukiz
osaturiko sare dimentsiobakar baten limite jarrai bezala, Fermi, Pasta
eta Ulam-ek (1955) proposaturiko ereduaren arabera. Elkarrekintza koadratikoa
denean KdV ateratzen da zehazki. Kubikoa denean hhx gaiaren ordez, h2hx
idatzi behar da. Ekuazio berriari KdV aldatua deritzo (mKdV). Hasierako
datu sinpleak hartuz (h(x,0) = a cos (2þx)) zenbakizko saioak egin zituzten,
eta denbora-tarte bat pasa ondoren zenbait "uhin bakartik" osatzen
duten uhin-tren bat agertzen dela ikusi zuten, hauen anplitudeak eta,
ondorioz, abiadurak desberdinak direlarik. Inguruko baldintzak periodikoak
izanik, uhin hauek elkarren aurka jotzen dute eta, hau bai harrigarria,
talken ondoren bidea jarraitzen dute ia-ia hau gertatu ez bailitzan. Esan
nahi baita, elkarrekintza lineala bailitzan.
"Solitoi"
berba asmatu zuten ebazpen-mota berri honetarako. Gainera, Fermi, Pasta
eta Ulam-ek ia periodikotasunezko fenomeno gisa nabarmendu zutena ere
ikusi zuten.
Hauxe izan zen gaur arte bizi-bizi mantendu den ikerketa-alor berri baten
hasiera. Erabakiorra izan da horren bilakaeran Miurak aurkitu zuen transformazioa,
KdV eta mKdV-ren ebazpenak erlazionatuz (zehatzago esateko, eboluzioak
aldatu gabe gordetzen dituen kantitateak infinituak direla ikus daiteke).
Bestalde, bai KdV eta bai mKdV ekuazio "kanonikotzat" hartzen
dira gaur egun, zenbait eredu fisikoren hurbilketa modura agertzen direlarik,
eta ez bakarrik sakonera gutxiko kanaletako uhinen dinamikan. Bibliografiako
[1] liburua ikus daiteke gai hauetarako eta aurreko emaitzen erreferentzia
bezala.
Hala ere, ez dugu
ahaztu behar ekuazioak eredu matematikoak baino ez direla eta jatorrizko
problema fisikoaren sinplifikazio gordina direla. Ez dago argi, beraz,
prozedura honekin ez ote dugun funtsezko informazioa galdu. Hasierako
datuen arrazoizko multzo baterako eredu matematiko horrek ebazpena izatea
ere ez dago aldez aurretik bermatuta. Ezta, ebazpena duenean ere, hori
bakarra izatea eta hasierako datuen neurketa-errore txikien aurrean portaera
zuzena duenik ziurtatzea. Alor honetan egin dugu lan C. E. Kenig (University
of Chicago) eta G. Ponce (University of California, Santa Barbara) irakasleekin,
eta 1989. urtean hasitako zenbait lanetan gai hauek aztertzeko teknikak
garatu ditugu.
Bai KdV
eta bai mKdV ekuazioak, lotuta daukaten problema linealaren perturbazio
"txikitzat" jo behar dira. Hala ere, ez dago argi txikitasun
hori nola neurtu behar den. Esan nahi baita, zer den txiki eta zer handi
neurtzeko eta erabakitzeko tresnak dagokion deribatu partzialetako ekuazioan
aurkitu behar dira. Edo beste modu batez esateko, problemaren parametro
nabarmena zein den aurkitu behar da.
Gure
ikerketaren arabera hau izan daiteke gakoa: (2) formulak ematen duen uhin
bakartiaren hasierako profila, asko oszilatzen duen faktore batekin (cosNx
erakoarekin, N>1) eta behar bezain txikia den A(N) anplitudearekin
perturbatzea. Orduan, hasierako datua
(3)
h = A(N) cos (Nx) sech2 (x-t/3),
izango
da KdV ekuaziorako, eta antzeko zerbait (sech2-ren lekuan sech jarrita)
mKdV-rako, konstanteen balio partikular egokiak hartuta adierazpena errazteko.
[3] lanean, eta mKdV-rako, ikusi dugu
(4)
A(N)< N1/4
denean, ebazpenak
uniformeki bornatuta daudela. KdV ekuaziorako emaitza txarragoa zen. Hau,
ordea, Princeton-eko Institute for Advanced Study-ko J. Bourgain irakasleak
zuzendu zuen, KdVrako A(N)<1 nahikoa zela erakutsiz. Honetarako teknika
berriak asmatu zituen eta hauek oso erabilgarriak suertatu dira deribatu
partzialetako beste ekuazio batzuetan ere. Bereziki, Fermi, Pasta eta
Ulam-ek zenbakizko metodoen bitartez ikusiriko ia-periodikotasuna zehatz-mehatz
frogatu zuen.
Harrigarria
bada ere, Bourgain-en emaitza hobe daiteke. [4] lanean erakutsi dugu anplitudea
hazi ere egin daitekeela. Zehazki, nahikoa da
(5)
A(N) < N-p , p > 3/4
Emaitza honek adostasun
handiagoa du mKdV-rako ezagutzen dugun (4) baldintzarekin, bien arteko
diferentzia unitate batekoa baita, Miuraren transformazioak iradoki bezala.
Duela
gutxi frogatu dugu (4) hobezina dela (oso posible da beraz, (5) ere hala
izatea). Zehatzago esateko, (2) formulak duen a parametroa erabiliz ebazpen
berriak lortu ditugu eta propietate interesgarriak dituzte. Alde batetik,
dispertsio-portaera duen hondar-masa bat kenduta, (1)-en agertzen den
uhin bakartiaren aurkako norabidean higitzen diren uhinak dira. Bestetik,
N eta a parametroekin jokatuz, (4) baldintzan dagoen 1/4 berretzailearen
ordez txikiago bat jarriz gero, menpekotasun jarraiaren uniformitatea
galdu egiten da eta, beraz, ezegonkortasuna dagoela erakusten dugu.
Ebazpen
berri hauek Schrödinger-en ekuazio erdilinealerako ezagunak diren
beste batzuen generalizazioa dira. Ekuazioa
(6)
iut = uxx + l u I2 u
da, kanonikoa hau
ere eta mKdV-arekiko erlazio estua du, nahiz eta ez den oraindik ondo
ulertzen, gure ustez. Esate baterako, sekante hiperbolikoa profiltzat
duten uhin bakartiak ekuazio bien ebazpenak dira. Gainera, (6) ekuazioak
solitoiak ditu eta kontserbazio-legeak kopuru infinituan ditu. Eta aparteko
propietate bat ere badu, Galileoren transformazioekiko aldaezintasuna,
hain zuzen ere. Honen bitartez, eiNx u0 datuari dagokion ebazpena, u0
datuari dagokionaren arabera idatz daiteke. Beraz, mKdV-rako frogatu dugun
ezegonkortasun berbera ondorioztatzen da (6)-rako.
Fisikaren ikuspuntutik
ezegonkortasun honen esanahia zein den berez datorren galdera da; kontuan
hartu behar baita (6) hainbat alorreko eredu fisikoen hurbilketa modura
agertzen dela, optika ez-linealean eta fluidoen mekanikan, adibidez. Zehatzago
esateko eta Hasimotoren transformazioaren bitartez, "vortex filament"
baten eboluzioari lotuta dago eta, ferromagnetismoan, Heisenberg-en katearen
limite jarraia da. Uhin bakarti honek azken lotura, Bernoulli-ren "kurba
elastikoaren" problema klasikoarekin du: (6) ekuazioaren u ebazpena
ematen duen zenbaki konplexua era polarrean idatziz moduluak kurbadura
ematen du, eta argumentua tortsioaren jatorrizko funtzioa da.
Amaitzeko, baliteke
ebazpen berri hauen ezegonkortasunak beste arazo bat argitzeko balio izatea.
Itzul gaitezen KdV ekuaziora eta har dezagun dispertsioa neurtzen duen
n konstante fisikoa. Lehenago esan dugunez, parametro honen balioa zero
denean ereduak talka-uhinak sor ditzake (aski da beherakorrak ez diren
hasierako datuak hartzea). Talken ondoko ebazpena jarraitzeko modua ez
da bakarra. Horregatik eredu fisikora itzuli behar da eta entropia erabili,
fisikoki esanguratsua den ebazpena hautatzeko. Bakartasun ezaren problemari
erantzuteko beste modu bat hau da: n-ren balioetarako (2) ekuazioa ebatzi
ondoren, limitea hartu. Ebazpen "entropikoaren" eta "dispertsio
nulukoaren" arteko erlazioa ez dago ondo argituta. Gorago aipatu
ditugun ebazpen berrien N eta a parametroekin jokatuz, n dispertsioa alda
dezakegula ere ohartarazi nahi dugu.
- Proiektuaren
izenburua: Dispertsio-uhin linealak eta ez-linealak.
- Proiektuaren
helburua: dispertsio-ekuazioen Cauchy-ren problema, hasierako
datuen eta ebazpenen erregulartasuna, ebazpenen
ezegonkortasuna.
- Zuzendaria:
Luis Vega Gonzalez
- Lan-taldea:
Susana Gutierrez de Gracia eta
M. Cruz Vilela Bendaña (EHU); kanpoko
laguntzaileak: Carlos E. Kenig (University of Chicago) eta Gustavo
Ponce (University of California, Santa Barbara)
- Saila: Matematika
- Fakultatea:
Zientzi Fakultatea
|
|
ERREFERENTZIAK
- A.C. Newell, Solitons in Mathematics and Physics (SIAM, ed.),
1985.
- J. Bourgain, Fourier restriction phenomena for certain lattice
subsets and applications to nonlinear evolution equations,
Geometric and Functional Anal. 3 (1993), 107-156, 209-262.
- C.E. Kening, G. Ponce and L. Vega, Well-posedness and scattering
results for the generalized Korteweg-de Vries equation via the
contraction principle, Comm. Pure Apple. Math. 46 (1993), 527-620.
- C.E. Kening, G. Ponce and L. Vega, A bilinear estimate with
applications to the KdV equation, Journal Amer. Math. Soc. 9
(1996), 573-603.
|
|